XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berriak

Gaztetxe arteko olinpiadak, harremanak sendotzen

Gaztetxeak hainbat gazteren topaleku direla gauza jakina da, Tolosaldeko herri gehienetan gaztetxe edo antzekoren bat dagoela den bezalaxe.

Gure aldizkarian behin baino gehiagotan hitzegin dizuegu Tolosaldeko gazte mugimenduaz edo eta gaztetxe konkretu bati buruz.

Baina oraingoan bailarako gaztetxeek beraien artean elkar koordinatzeko egiten ari diren ahaleginari buruz mintzatuko gatzaizkizue.

Tolosaldeko herri ezberdinetan gaztetxeak fenomeno ezaguna dira.

Herri askotan gazteen arteko dinamizatzaile papera betetzen dute eta ekintza ezberdinak antolatzen dira, bai gazte eta baita jende helduagoarentzat ere.

Ekintza hauek herri mailakoak izaten dira orokorrean eta gaztetxeen mugimendurako esparrua, herria izaten da.

Bailarako Gazte Asanbladak gustora daude burutzen duten paperarekin baina are urrunago joan nahi dute.

Gazteak koordinazioa eta elkarlana beharrezkoa dela ohartu dira.

Honela epe motzerako beraien arteko harremana sendotzea ezarri dute helburu garrantzitsu gisa, beti ere herri bakoitzeko dinamika aurrera eramateari uko egin gabe.

Tolosa, gaztetxe edo gazte asanblada antolaturik ez duen herri bakarrenetakoa da.

Herri hau bailarako garrantzitsuena denez bertan gazte talde bat antolatzea beharrezkoa ikusi dute Tolosaldeko gazteek.

Ondorioz, horrelako gazte talde baten sorrera bultzatzea ere helburutzat hartu dute bailarako gaztetxeek.

Lehen ekintza bateratu bezala gaztetxe arteko olinpiada burutu da.

Olinpiada hau aurrera eramateko herri ezberdinetan egin dira frogak.

Azaroan hasi eta abenduan amaitu dira ekintza hauek.

Lehen topagunea Billabona izan zen.

Herri honetan bertako eta Zizurkilgo gaztetxeek antolaturik gazte bazkaria izan zen.

Bazkal ostean era guztietako jokuak izan ziren.

Gazte guztiek hartu zuten parte sokatira, koxkolapustua, aulki jokua edo txingak bezalako froga ezberdinetan.

Txiste kontaketa eta bertso saioa ere izan ziren.

Gaztetxe bakoitzeko partaide batek bertso bat abestu eta txiste bat kontatu zuen.

Azaroko azken astean Lizartza bilakatu zen topagune.

Bertan bi motatako jokuak egin ziren: sokatik gora igo eta txorimaloak egitea.

Egun berean Tolosatik hasi eta Ibarraraino manifestaldia burutu zen.

Helburuak Tolosaldeko gazteentzat lokalak eskatu eta Ibarrako Gaztetxearen inguruan zeuden arazoak salatzea izan ziren.

Manifestaldi amaieran gaztain jatea izan zen Ibarran.

Olinpiadari hilabete honen lehenengo asteburuan eman zitzaion amaiera.

Abenduaren 2an Belauntzan herri jokuak egin ziren.

Sokatira, trontzan ... gazte ugarik hartu zuen parte.

Amaitzeko iluntze partean Ibarrako frontoian afaria egin zuten.

100 pertsonatik gora izan ziren bertan bildu zirenak eta ondoren goizalderarte parranda bota zuenik ere izan zen.

Olinpiada hauetan ez zen irabazlerik izan, edo hobeki esanda guztiak izan ziren irabazle.

Gaztetxeen harremana sendotzeko lehendabiziko pausoa eman da behintzat eta bertatik atera den balorazioa oso positiboa da.

Bidea ibiltzen hasia dago jadanik eta hemendik aurrera eman beharreko pausuak emateko oinarria ezarria dago.

IKER ALTUNA